Etiketak: Elektronika, Komunikazioak, Softwarea, Teknologia, Telekomunikazioak
Bideoa txertatu:Stijn eta Gudrun Belgiarrak dira. Azken bi urte eta erdian, beraien bizimodua ez da batere ohikoa izan. Denbora tarte horretan, sei hilabeteraino jarraian ibilgailu berezi-berezi honetan bizitzera iritsi dira. Kamera eta sentsorez betea dago furgoneta hau, eta GPS nabigatze-tresnen mapak sortzeko beharrezkoak diren datuak jasotzea da bere helburua.
GUDRUN: Interesgarria iruditu zitzaigun lan hau, biok batera egin genezakeen lan baten bila genbiltzalako, hori guretzat oso erakargarria baitzen. Bidaiatzea gustuko dugu, mundua ezagutzea, eta lan honetan bi gauzak batera egin ditzakegu.
Gidatzea ere gustuko dut... arrazoi horiengatik animatu ginen.
STIJN: Lan honen abantaila da aldi berean bidaiatu eta dirua irabaz dezakezula. Gehienetan, jendeak diru asko gastatzen du Europako herrialde guztiak bisitatzeko, baina guri horretarako ordaintzen digute, beraz, itzela da.
Sateliteen seinaleak jaso eta Lurrean duten kokapena zehazten dute berehala GPS nabigatze-tresnek. Horrela, mugimendu guztien jarraipena denbora errealean egiten da.
Ibilbiderik onena aurkitzen laguntzeko, memoria-txarteletan dauden datu kartografiko eta mapak erabiltzen dituzte nabigatze-tresnek. Izan ere, barruan daramatzaten maparik gabe, GPSak ez lirateke ezertxo ere izango.
Stijn eta Gudrun bezala, urtean milaka kilometro egiten dituzten ehunka pertsonaren lana dago mapa horien atzean. Mapak ekoizten eta merkaturatzen lan egiten duten konpainiek ibilgailu egokituak dituzte, ingurua aztertzeko gai izateko. Mobile Mapping Van edo kartografia mugikorrerako ibilgailuak deitzen zaie.
Ibilgailu horietako bakoitzak segundoko hiru argazki ateratzeko gai diren sei kamera digital ditu. Kamera horietako bi lerrokaturik daude, irudi estereoskopikoak eskaini ahal izateko; alegia, hiru dimentsiotako irudiak lortzeko aukera ematen dute, eta baita norabide ezberdinetan distantziak kalkulatzeko ere. Posizionamendu-sentsoreekin batera, datu errealak jasotzen dituzte kamerek, ibilgailua errepide-sarean ohiko abiadurarekin aurrera doan bitartean.
Ibilgailuak barnean darama prozesamendu-unitatea, bildutako informazioa bistaratu, objektuak irudi digital bihurtu eta identifikatutako informazioa datu-base kartografikoarekin konparatu ahal izateko.
JM ZOLLE (TELEATLAS9: Aurten, hirugarrenez filmatu ditugu Espainiako errepide nazional guztiak. Horrek esan nahi du errepide horien guztien hiru urteko irudi-artxiboa dugula, eta informazio hori jadanik gure kartografia eguneratzeko erabili dela. Egia esan, lehen ikerketak duela 15 urte hasi ziren, baina lehen prototipoak -egungoen oso antzekoak zirenak-, arazo teknikoak zirela eta, bertan behera geratu ziren; izan ere, teknologia ez zegoen prestatuta hainbeste datu metatzeko. Informazio-bolumena hain zen handia, ezen ezinezkoa baitzen giga horiek guztiak gordetzea. Teknologia hori asko garatu da, eta, gaur egun, lana askoz modu eraginkorragoan egin dezakegu.
Europa osoan zehar etengabe datu-bilketan aritzen diren 22 ibilgailu ditu gaur egun Tele Atlasek; ibilgailu horiek errepideen 100.000 kilometro kartografiatzen dituzte hilabetean.
Lana ez da inoiz amaitzen. Beharrezkoa da informazioa etengabe eguneratzea, datuen % 15 aldatu egiten baita urtero. Izen berriak sortzen dira, publikoari irekitako bideak, kaleetako norabide-aldaketak... Horregatik, errepide-sare nagusiaren ohiko egiaztatzea eta bigarren mailako errepideen errepasoa bermatzeko, arretaz prestatutako programa jarraitzen dute ibilgailu guztiek.
JM ZOLLE: Tele Atlasen daukagun arazorik handiena mapa eguneratua mantentzea da, eta ez mapa sortzea, jende askok pentsa dezakeen moduan. Sortzea, azken finean, prozesu garestia baina nahiko erraza da. Eguneratua mantentzea da arazoa, zer aldatu den jakin behar dugulako, eta hori ez da hain erraza.
Datuen konplexutasuna gero eta handiagoa da. Lehendabiziko GPSen kartografia xumea zen, baina gero eta gehiago ari dira sortzen monumentuen argazkiak dituzten mapak eta hiru dimentsioko mapak.
JM ZOLLE: Bistan denez, hiru dimentsioko mapa bat sortzea askoz zailagoa da teknikoki bi dimentsiotan sortzea baino, lehen egiten genuen moduan. Pauso hori bektorearen bidez egiten dugu, alegia, autoa zirkulatzen doan kalearen adierazpidearen bidez. Ondoren, eraikuntzen azalera izan daitekeena sortzen dugu, eta eraikuntzei beren altuera ematen diegu gero, fatxadaren testura egokiarekin. Oso prozesu garestia da, eraikuntza guzti-guztien argazkiak atera behar direlako batetik, eta teknikoki nahiko konplexua delako bestetik.
Datu guztiak biltzen direnean Indiaraino bidaltzen dira, Tele Atlasek bertan duen eraikinera, eta han prozesatzen dituzte jasotako datuak. Ondoren, datuen egiaztatzea, moldaketa, lokalizazioa eta kalitatearen kontrola egiten da Madrilgo bulego honetan, eta baita beste hainbat lurralde-bulegotan ere, Gasteizko bulegoan, adibidez.
Kartografia mugikorrerako ibilgailuek jasotako informazio guztia diskoetan gordetzen da, eta artxibatu egiten da ondorengo erabileretarako.
ALBERTO CORTINAS (TELEATLAS): Ibilgailuak gure datu-basean duen adierazpidea ikus dezakegu, eta horrela badakigu uneoro non dagoen. Datu-basean ditugun ezaugarriak errealitatearekin bat datozen ala ez ere jakin dezakegu. Eta hori abantaila handia da, izan ere, beti gurekin daukagun irudi-artxiboa da hau, eta nahi dugun guztietan berrikus dezakegu, pertsona bat eremu horretara bidali beharrik gabe.
GPS tresnen merkatuak hazten jarraituko du etorkizunean. Stijn eta Gudrun bezalako pertsonek gidatzen jarraitzen duten bitartean, GPS mapek gero eta informazio gehiago, kalitate handiagoa eta bolanterako segurtasun-zerbitzu berriak izango dituzte.
Copyright © 2008 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra