Etiketak: Astrofisika, Astronomia, Teknologia
Bideoa txertatu:Lurretik begiratuta, Eguzkiak sinplea dirudi; aitzitik, hamaika misterio gordetzen ditu plasmazko bola erraldoi horrek.
OSKAR VON DER LUHË; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: 400 urte dira Eguzkiari behatzen diogula, teleskopioen aurkikuntzaren ondotik. Eguzkia da eskura daukagun izar bakarra, xehe ikus dezakegun izar bakarra, gainerakoak urrunegi baitaude.
Teideko behatokia Europako aurreratuenetako bat da, eta azken belaunaldiko teleskopioak ditu. Gregor teleskopioa, esate baterako, Eguzkiaren bereizmen handiko irudiak hartzeko diseinatuta dago. VTT teleskopioak, berriz, espektrografoak ditu Eguzkiaren argia bere osagaietan banatzeko.
Asmoa ez da Eguzkiaren azalari soilik behatzea; horregatik, teknika berriekin Eguzkiaren muina ere ikertu nahi dute adituek.
OSKAR VON DER LUHË; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: Eguzkia gutxi gorabehera tipula bat bezala osatua dago, zenbait geruzaz. Zentroan nukleoa dago, hain dentsoa eta beroa ezen fusio-prozesuak gertatzen baitira: hidrogenoa helio bihurtzen da, eta energia askatzen da.
Eguzkiaren fisikaren erronka handienetako bat Eguzkiaren geruzak banaka ikertzea da. Oskar von der Lühe Helas proiektu europarraren koordinatzailea da. Proiektu hori zientziaren alor berri batean oinarritzen da, heliosismologian.
OSKAR VON DER LUHË; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: Heliosismologian Eguzkiaren barneko gertaerak ikertzen dira; horretarako, Eguzkiaren azaleko oszilazioak, uhinen mugimenduak, neurtzen dira. Oszilazio horiek zenbait eratakoak izan daitezke, eta Eguzkiaren dinamika ulertzen lagun diezagukete.
Pere Pallé aditua da heliosismologian, eta von der Lühe-rekin egiten du lan Helas proiektuan.
PERE PALLÉ; Kanarietako Astrofisika Institutua: Gaur egun, Eguzkiaren barnealdearen errotazio-abiadura azaletik % 10eko sakoneneraino, gutxienez, ezagutzen dugu. Eguzkiaren errotazioa ez da gorputz solidoena bezalakoa, gorputz homogenoena bezalakoa, alegia; errotazio-abiadura desberdina du sakoneraren arabera.
Eguzkiaren barrualdea ikertzeko erabiltzen diren teleskopioak txikiak ikusten dira Eguzkiaren azalari behatzeko erabiltzen direnen aldean; Eguzkiaren osotasunari behatzen diotelako da hori, hau da, mugimendua eta bibrazioak erregistratuz.
PERE PALLÉ; Kanarietako Astrofisika Institutua: Honelako instrumentuek pultsazioak neurtzen dituzte, Eguzkiaren azaleko mugimenduak. Eta gai dira oso pultsazio motelak neurtzeko, segundoko zentimetro baterainokoak.
Pultsazio horiek ziklo batzuei jarraitzen diete, erritmo bati. Horregatik, askotan esaten da heliosismologoek begia ez eta belarria jartzen dutela Eguzkian.
Alemaniako Freiburg hirian ahotsak, hanka-hotsak eta tranbiaren soinua entzuten dira; soinu horiek guztiak bibrazioak dira. Berdin gertatzen da Eguzkiarekin. Eguzkian soinu-uhinak nola sortzen diren azaltzen digu Markus Roth-ek.
MARKUS ROTH; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: Kanpoko geruzan oso mugimendu zurrunbilotsuak daude. Eguzkiaren materia beroak kanpora egiten du barnealdetik, eta, aldi berean, materia hotzagoa hondoratu egiten da. Ba, bien artean marruskadura gertatzen da, eta bibrazioak eragiten ditu. Bibrazio horiek soinua ateratzen dute, eta soinu hori da, hain zuzen ere, interesatzen zaiguna.
Materiaren bibrazioak eragindako soinua entzungarri bilakatzen dute optika-laborategi honetan. Emaitza harrigarria da.
MARKUS ROTH; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: Nolabait esateko, Eguzkiaren pultsazioak analizatzen ditugu. Soinu-uhinak dira berez, eta, teknologia egokiarekin, grabatu eta gizakiontzako entzungarri egin ditzakegu. Entzun!
Oinarrian, izar bakoitza musika-instrumentu berezi bat da. Izar bakoitzak bere soinua du, eta soinu horretatik abiatuta izarraren barne-egitura eta adina ondoriozta ditzakegu.
Erraldoi gorri bat da hau. Fase terminalean sartu den izar bat da; egunen batean Eguzkiari ere gertatuko zaio hori. Adi entzuten baduzue, konturatuko zarete tonu eta bolumen baxuagoa duela eguzki gazte batek baino.
Bilakaeraren bukaeran Eguzkia nano zuri bilakatuko da, eta nano zuriek ere bibrazio propioa dute. Guk aztertutako beste nano zuri honen antzeko soinua izango du orduan gure eguzkiak.
Laburbilduz, izarrei adi entzuteak begiratzeak baino informazio gehiago ematen digu kasu honetan. Eta ematen duten informazioak dio oso gorputz konplexuak direla.
OSKAR VON DER LUHË; Eguzki-fisikarako Kiepenheuer Institutua: Badakigu Eguzkiak gutxienez hilean behin ematen diola bira osoa bere ardatzari. Kanpoko geruzek, ordea, beste erritmo bat dute, berdin barnekoek, eta uste dugu dinamika horrek ziklo magnetikoen sorrera azaltzen lagunduko duela, hau da, hamaika urtean behin agertzen eta desagertzen diren eguzki-orbanak azaltzen.
Hortaz, geruza bakoitzak bere errotazio-abiadura , eta energia sortzen du. Eguzki-dinamoa esaten zaio horri, eta hori da, hain zuzen ere, Teideko ikerketaren helburuetako bat.
PERE PALLÉ; Kanarietako Astrofisika Institutua: Bereziki interesgarria da gune gorriago hori. Erabateko ezustekoa izan da Eguzkiaren egituran. Eta garrantzi handikoa da, uste dugulako hamaika urteko ziklo magnetiko horren jatorria izan daitekeela.
Gakoa hor dago Eguzkia bere osotasunean ezagutu nahi bada, eta Lurrean duen eragina ulertu nahi bada. Baina oraindik ikasteko asko dago.
PERE PALLÉ; Kanarietako Astrofisika Institutua: Nik uste dut, gaur egun, Eguzkiaren misterio handiena dela jarduera magnetikoa nola sortzen den, nola eboluzionatzen duen, eta nola iragar dezakegun. Hori da azken finean Eguzkiaren gaineko galdera irekia, eguzkiaren funtzionamendu osoa zuzentzen baitu horrek.
Copyright © 2008 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra