Etiketak: Teknologia
Bideoa txertatu:Richard Oriberen entrenatzailea ez ezik Euskal Herriko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzien Fakultateko irakaslea ere bada Javier Aymerich, eta zalantza izpirik gabe adierazten du poliuretanozko bainujantziek igerilariei markak hobetzen lagundu dietela.
JAVIER AYMERICH; UPV/EHUko irakaslea: Hori bistakoa eta ukaezina da eta, zientzia-lanik argitaratu ez bada ere, guk baditugu gure kirolarien datuak bainujantziarekin eta bainujantzirik gabe. Eta denboraldiko une berean, norberaren ezaugarrien arabera, % 4 eta % 8 arteko hobekuntzak ikusten ditugu marketan.
Teknopolisek eskatuta, Jon Andreu eta Mikel Peñagarikano igerilari gipuzkoarrek lehiaketa-bainujantziak jantzi zituzten entrenamendu-saio batean. Biek erabili ohi dituzte poliuretanozko bainujantziak txapelketetan, eta biek hobetu dituzte probetan lortutako denborak.
MIKEL PEÑAGARIKANO; igerilaria: Nik apirilean probatu nuen eta handik aurrera ahal den guztietan. Arrazoia? Ikusten nuen nire nibel antzekoa zeukatenak, bainujantzi hau jantzi eta erraz irabazten zidatela. Eta orduan nik ere derrigor jarri behar izan nuen besteekin batera ibiltzeko.
Bainujantziarekin igeriketa-probetan egiten duen denbora hobetu du Peñagarikanok, berak horrela aitortzen du:
MIKEL PEÑAGARIKANO; igerilaria: Zenbat? Segundo-erdi, segundo bat luze bakoitzeko.
Jon Andreuk ere ez du zalantzan jartzen bainujantzien eragina.
JON ANDREU; igerilaria: Dexente antzematen da marketan. Bai nik eta bai beste denak. Markak dexente jaitsi dira. Nik ez dut esango bainujantziari esker bakarrik denik. Nik dexente entrenatzen jardun dut eta ez dut uste alferrik jardun dudanik entrenatzen. Bainujantziak laguntza bat egingo zidala ez dut dudarik. 50 metroan zortzi hamarren jaitsi ditut.
Kirolariak zein entrenatzaileak bat datoz, eta argi esaten dute bainujantziei esker igerilariek markak hobetu dituztela. Zergatik baina? Igeri egitean elkarri eragiten dioten indarren korrelazioa aldatzen dutelako. Flotagarritasuna da aldatzen den faktoreetako bat.
JAVIER AYMERICH; UPV/EHUko irakaslea: Flotazioa hainbat faktoreren mende dago. Hasteko, eta batez beste, emakumeek gizonek baino gehiago flotatzen dute, gantz-portzentaje handiagoa izaten dutelako. Eta giza gorputzean gantzak eta aireak bakarrik flotatzen dute. Beraz, gantz-portzentajeak eta biriketan airea gordetzeko dugun gaitasunak flotagarritasun handiagoa edo txikiagoa emango digute.
Horri gehitzen badiogu barnean airea gordetzen duen jantzi iragazgaitza, igerilariaren flotagarritasuna hobetzen duzu. Zeren biriketako aireari, hori baita flotatzen duen gauza ia bakarra, aire-partikulak eransten dizkiozu. Jantziak bukaera berezi batzuk dituenez, uretan sartzen ari den aireak burbuilatxoak uzten ditu, eta aire-partikulak bainujantziaren kanpoaldean zein barrualdean eransten dira.
Txapelketetan igerilariek abiadura beharrezkoa dute, eta, flotazio-ahalmena handituz gero, abiadura handitzea lortuko dute.
JAVIER AYMERICH; UPV/EHUko irakaslea: Hainbat faktoreren mende dago abiadura. Horietako bat flotagarritasuna da, eta aurrera egitean lortzen dugun flotagarritasun dinamikoak abiadurari lagunduko dio. Gehiago flotatzen dugulako ur gainean gorago joaten bagara, egiten ditugun indarrak aurrera egitera bideratzen ditugu eta ez hainbeste ur gainean mantentzera. Gutxi flotatzen duen pertsona batek ahalegin handiak egingo ditu ur gainean mantentzeko, eta beste batek, aldiz, aurreratzeko egingo ditu ahaleginak eta, jakina, abiadura handiagoarekin egingo du aurrera.
Igeri egiteko, uretan sartzean uraren erresistentzia handia da. Oinezko batek ez du airearen kontrako indarra nabaritzen. Uretan, aldiz, abiadura txikia izan arren, kontrako indar horiei berehala igartzen zaie.
JAVIER AYMERICH; UPV/EHUko irakaslea: Hainbat arrazoi daude horretarako: daukagun itxura, urak gure gorputzaren kontra duen marruskadura, igeri egitean hartzen dugun jarreraren arabera atzetik egiten dugun xurgatzea; hau da, gure mugimenduaren aurka egiten duten erresistentziak daude, eta guk gainditu egin beharko ditugu.
Posizio hidrodinamiko onak erresistentziak gainditzen lagunduko dio igerilariari. Autoei aleroiak jartzen zaizkie airean hobeto sartzeko eta erresistentziak gainditzeko. Poliuretanozko bainujantziek antzeko eragina dute: igerilariek posizio hidrodinamikoa hobetzen dute, eta erresistentziak hobeto gainditzen dituzte.
JON ANDREU; igerilaria: Sentitzen zera zeu pixkat gorago, errazago flotatzen duzula eta baita sentitzen da nola deslizatzen duzun, batik bat, ur azpian. Zu ur azpian zoaz, eta sentitzen duzu entrenamenduetan baino arinago zoazela eta gehixeago deslizatzen duzula.
Neketsua da bainujantzi barruan sartzea, denbora asko behar izaten da eta, kontuz ibili ezean, zauriak ere egin daitezke. Horixe gertatu zitzaion Jon Andreuri Teknopoliserako egindako erakustaldian.
Bainujantziek giharrak erabat estutzen dituztenez, igerilarien gorputza moldeatu egiten dute. Horri esker, egitura fisiko ezberdina duten igerilariek antzeko itxura hartzen dute.
JAVIER AYMERICH; UPV/EHUko irakaslea: Modu jakin batean konprimituta daudenez giharrek eraginkortasun handiagoa dute, ez baitira mugitzen ari den gihar bat bezalakoa. Ehun metroko lasterketa egiten ari den korrikalari bati kamera geldoan begiratuz gero, masailak eta haragia nola mugitzen zaion ikus daiteke... nahiz eta oso gihartsua izan. Baina hain tentsio handia duen jantzi elastikoan sartzen baduzu kirolaria, haren forma txikiagotzen ari zara, haren zeharkako sekzioa gutxitzen ari zara eta uretan hobeto sartzeko aukera ematen diozu.
MIKEL PEÑAGARIKANO; igerilaria: Uretan igartzen da nola zoazen azkarrago. Ur azpian sentitzen da ia-ia aletekin joango bazina bezala. Laguntzen du pittin bat gehiago flotatzen. Eta, nola txikiago den trajea, muskuluak-eta konprimatu egiten ditu, eta erresistentzia ere gutxitu egiten du.
JON MURUA; igeriketa entrenatzailea: Hobekuntza nabariena ur azpian ematen da, askoz ere erresistentzia gutxiago du gorputzak uretan, gehiago deslizatzen du, hobeto irristatzen da gorputza uretan eta ur azpian gehienbat hori nabaritzen da. Gorputzak uretan duen erresistentzia jaitsi egiten du, eta horregatik abiadura igo egiten da.
Poliuretanozko bainujantzien erabilera orokortu zenetik, igeriketak publikoaren eta komunikabideen arreta piztu du. Egoera horrek kirolari mesede egin diola uste dutenak beldur dira debekuak iraganera bueltatzea ez ote duen ekarriko.
Copyright © 2008 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra