Etiketak:
Bideoa txertatu:Duela bi hamarkada hasi zen AZTI biomasa neurtzen, eta. horretarako. itsasoan dauden antxoa-arrautzak zenbatzen ditu. Antxoak itsasoan jartzen ditu arrautzak. Jarri eta gero, urak eraman egiten ditu planktonarekin batera. Beraz, arrautzen zenbaketa egin ahal izateko ur-laginak hartzen dira sistematikoki plankton-sareekin. Ondoren, lagin horietan zenbat arrautza dauden zenbatzen da.
Inguraketa-sareekin ere harrapatzen dira antxoak. Arrainei sabela irekitzen zaie eta emeen ugalkortasuna balioesten da.
Eme bakoitzak jartzen duen arrautza-kopurua ezagututa eta arrautzak ere zenbatuta, itsasoan zenbat eme dauden kalkulatzen da. Zenbaki horrek antxoaren biomasa kalkulatzeko aukera ematen du.
XABIER IRIGOIEN, Azti: Baina zenbaki hori da zenbaki bat eta errore handi bat inguruan, ze arazo asko daude. Itsasoa oso handia da eta ezin dugu den dena lagindu."
2009an antxoaren biomasa 28.000 tonakoa izan zen. 2005ean Europar Batasunak arrantza bertan behera uztea erabaki zuenean, biomasa 10.000 tonakoa zen. Gutxieneko historikoa izan zen hura.
Jaitsiera lehenago hasi zen, 2002an. Une hartan ez zen neurririk hartu espezieak gorabehera handiak izaten dituelako berez eta, ordura arte, urte txar baten ondoren, beti errekuperatu izan zelako.
Baina azken lau urteetan arrantza debekatuta egon da, eta, hala ere, espeziea ez da espero bezala errekuperatu. Ikerlarien ustez, baldintza klimatikoek azaltzen dute egoera.
XABIER IRIGOIEN, Azti: Ia ziur dakigu arazo handiena direla baldintza klimatikoak. Orain dauzkagun baldintza klimatikoak ez direla egokiak. Badakigu izan ditugun haizeak udaretan eta izan dugun ibaien emaria ez dela onena izan (...) baina ez dakigu zehazki zergatik. Orduan, kapazak gara jakiteko zein baldintza klimatikok egiten duten urteak onak edo txarrak izatea, baina ez dakigu oso ondo zein den mekanismoa hori horrela izan dadin.
Zientzialariek jakin badakite ona dela antxoarentzat udaberrian iparraldeko edo ipar-ekialdeko haizeak izatea, eta Landetan elikagaiez betetako ur sakonak kanporatzea. Baldintza horietan antxoa zergatik ugaltzen den ezagutzeko Ekoantxoa ikerketa-egitasmoa abian jarri du Aztik.
XABIER IRIGOIEN, Azti: Jakiteko nola edo zein paper duen antxoak ekosistemaren barruan, zer erlazio dauden, zer jaten duen antxoak, zeintzuk jaten dituzten antxoak, zergatik baldintza batzuetan oso ondo ugaltzen den, zergatik beste baldintza batzuetan ez dagoen hainbeste, edo hiltzen diren gehiago edo hiltzen diren gutxiago.
Ekoantxoa ikerketa-egitasmoak espeziearen bizitza-ziklo osoa aztertu nahi du: hau da, arrautzak jartzen direnetik arraina heldua den arteko ziklo osoa. Argitu nahi da janaria lortzeko arrain-espezieek elkarren artean lehiatzen duten, antxoa-larbak zein egoeratan dauden, nola hazten diren eta itsasoan zenbat janari dagoen. Helburu horrekin lau laginketa-kanpaina egin dira itsasoan.
Laginketa-kanpaina horietako bat abuztu hasieran egin zen. Paula Alvarez Aztiko itsas baliabideen departamentuko kidea da. Aztiko beste hainbat kiderekin batera 20 egunetarako itsasoratu zen. Antxoa-larben laginketa-kanpaina egitea izan zuten helburu.
Teknopolisek itsasontziaren atontze-lanetan egoteko aukera izan zuen. Laginketak egiteko beharrezkoa den tresneria guztia ontziratu ez ezik, laborategiak ere muntatu zituzten. Egun batean guztia prest izan zuten.
Laginketa-kanpainan itsasontziak ibilbide zehatza jarraitu zuen Bizkaiko golkoan.
PAULA ALVAREZ, Azti: Itsas ertzaren paralelo goaz eta bederatzi miliatik bederatzi miliara gelditu egiten gara, laginketa-estazio batean. Ekialdetik mendebaldera laginak hartzeko asmoa dugu. Mendebaldean lau eta hogeita hamar gradutara iritsiko gara. Gurutzadura bukatuta iparralderantz hamabost milia egingo ditugu, eta beste gurutzadura bat egingo dugu, bukatu dugun gunetik itsasertzeraino. Horrela, hogei egunean. Mapa batean jasotzen dugu Bizkaiko Golkoko larben ugaritasuna. Kasu honetan, antxoa-larbak, baina sardinak ere begiratuko ditugu. Itsasoko baldintzek uzten badigute Arroxelatik gora iristeko asmoa dugu.
Itsas-ertzearekiko paralelo goaz eta bederatzi miliaro laginketa-estazio batean gelditu egiten gara. Ekialdetik mendebaldera laginak hartzeko asmoa dugu. Lau hogeitamar gradutara iritsiko gara mendebaldean. Gurutzadura bukatuta iparraldera hamabost milia igoko ditugu eta beste gurutzadura bat egingo dugu, bukatu dugun gunetik itsasertzeraino. Horrela hogei egunetan. Mapa batean jasotzen dugu Bizkaiko Golkoko larben ugaritasuna. Kasu honetan antxoa-larbak, baina sardinak ere begiratuko ditugu. Itsasoko baldintzek uzte badigute La Rechelle baino gorago iristeko asmoa dugu
Laginketa-estazio bakoitzean, errepikatu egiten da lan-dinamika. Lehenik eta behin 5, 15 eta 30 metrotara hartzen dira ur-laginak Niski botilarekin. Argazki-kamera oso berezi batekin, uretako partikula mikroskopiko guztiei argazkiak atera eta zenbatu egiten dira. Horri esker, besteak beste, larbak hazteko janari nahikoa dagoen jakiten da.
Uraren laginak hartu eta gero, larba-laginak hartzen dira.
PAULA ALVAREZ, Azti: Plankton-sareak erabiltzen ditugu. Plankton-sare ezberdinak ditugu; maila-zulo ezberdinekoak izaten dira, txikiagokoak eta handiagokoak, larba txikiagoak eta handiagoak hartu ahal izateko.
Antxoa-arrautzak eta larba jaio berriak urak eramaten ditu, haien kasa mugitzeko gaitasunik ez dutelako. Ur-korronteen mende daude, beraz. Horregatik neurtzen dira itsas korronteak.
JULIEN MADER, Azti: Ur-azaletik ehun metroko sakoneraraino, ur-zutabe guztian, korronteak neurtzeko aukera ematen digu gailuak. Ikertzen dugun espeziearen, kasu honetan antxoaren, arrautzen eta larben sakabanaketa aztertzen dugu korronteen datuari esker.
Aztiko laborategian aztertzen dira kanpainan bildutako laginak. Parametro guztien azterketak luze joko du eta emaitzak ere ez dira epe motzean espero. Hala ere, zenbait pista badituzte dagoeneko ikerlariek.
XABIER IRIGOIEN, Azti: Ikusi dugu, adibidez, sardinek jaten dituztela antxoen arrautzak. Espero genuen, baina ez zegoen frogatuta, eta hori ikusi dugu. Baita ere ikusi dugu ona dela beraientzat ere garraioa kanporantz joatea, eta ikusi dugu itsas zabalean larbak ondo daudela. Hori ez genekien. Bagenekien larbak agertzen zirela itsas zabalean, baina ez genekien ondo edo gaizki zeuden eta orain badakigu ondo daudela. Gauza gehiago ulertzen dugu, baina oraindik ditugu milaka lagin laborategian kontatzeko eta dena ulertzeko.
Antxoa sakonera handiko uretan bizi da, baina ugaldu eta erruteko gainazalera igotzen da udaberrian. Une hori aprobetxatu ohi zuten euskal arrantzaleek arrantzarako. Biomasa errekuperatu den jakin arte ez da arrantza baimentzea espero. Zuhurtzia-biomasa 33.000 tonan ezarrita dauka Europar Batasunak. Kopuru horren azpitik espeziearen biziraupena arriskuan egon daitekeela uste da.
oso ona bideoa baina ez da oso takilerroa izango zer da antsoa ala trutxa?
ez da ulertzen bideoa
Copyright © 2008 Elhuyar Fundazioa | Lege-oharra