+ irakurri
Hizketaren teknologiak etengabe ari dira garatzen informatikaren arloan. Interaktibitatea ere puri-purian dago, eta baliteke etorkizunean ordenagailuen mundu birtualekin dugun harremana erabat ezberdina izatea. Euskarak ere egin ditu urratsak horretan guztian. Oraintxe ikusiko dugun pertsonaia birtuala da horren erakusgarria.
Anhitz du izena pantailako neskak. Pertsonaia birtuala da, zientzia-kontuetan aditua gainera. Egiozu zientziari buruzko galdera bat eta erantzun egingo dizu:
Bistan denez, Anhitz-ek euskaraz hitz egiten du. Egiten zaizkion galderak ulertzeko gauza da, eta galderen erantzuna emateko ere bai. Hortaz, pertsonaia birtual interaktiboa da, zientzian aditua, eta euskalduna.
IGOR LETURIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Edozein motako galderei erantzuteko prestatuta dago, galderen erantzute automatikoa izeneko teknologia erabiltzen du eta. Hizkuntz teknologietako bat da hori, eta egiten dena da galderaren analisi linguistikoa, hortik asmatzeko zer motako erantzuna espero duen, eta saiatzen da bilatzen mota horretako erantzun bat berak daukan ezagutza-basean. Oraingoz sistema honek faktoide motako galderekin funtzionatzen du ondoen, hau da, erantzun labur eta zehatza espero duen galderekin, nork, noiz eta non bezelakoak.Galderak erantzuteaz gain, hitz edo termino bat eman eta hitz hori daukaten dokumentuak bilatzen badaki Anhitzek. Zeregin hori bete ahal izateko, Interneteko zientzia eta teknologiako hainbat datu-basetan egiten du bilaketa. Bilaketa eleanitza da, euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko loturak bilatzen dituelako. Euskarazko dokumentuak bere horretan ematen ditu, gaztelaniazkoak euskarara itzultzen ditu, eta ingelesezkoak jatorrizko hizkuntzan ematen ditu.
Ezagutza zientifikoa, euskararen erabilera eta interaktibotasuna biltzen dituen aurreneko pertsonaia birtuala da Anhitz, ez dago bera bezalako besterik.
IGOR LETURIA; ELHUYAR FUNDAZIOA: Euskeraz beste hinkuntzetarako baino baliabide gutxiago dago, eta jende gutxiagok ikertzen du. Hala ere, nik uste dut gauza onak lortu direla jada; sistema hau, AnHitz ez da sistema perfektua, guztiz ondo dabilena, baina emaitza nahiko onak ematen ditu, eta teknologia horietan ikertzen jarraituta halako sistemak guztiz operatiboak izango dira.Aita eta ama bat baino gehiago dauzka Anhitzek, hainbat enpresak elkarlanean daramaten proiektu baten alaba da-eta. Itxura Vicomtech ikerketa-zentroak eman dio, avatar edo pertsonaia birtualak sortzeko daukan teknologiaz baliatuta. EHUko Aholab taldeak eta Robotiker ikerketa-zentroak, berriz, ahotsaren ezagutzan eta sintesian trebatu dute. Galderei erantzuteko sistema eta Interneteko dokumentuak euskarara modu automatikoan itzultzeko gaitasuna EHUko Ixa taldeari zor dizkio. Azkenik, dokumentuak bilatzeko abilezia eleaniztuna Elhuyar Fundazioaren I+G taldeak egindako lanaren ondorioa da.
Teknopoliseko ikusleek gaur izan duzue Anhitz ezagutzeko aukera; profesionalek, aldiz, bihar ezagutuko dute, hizketaren teknologiei buruz Bilbon egingo den kongresuan. Anhitzekin harremanetan jarri nahi izanez gero, Zientziaren Asteko ekitaldien barruan aurkituko duzue, Donostiako Artzain Onaren katedralaren ondoan egongo den Zientziaren karpan.